Euskal abesbatza Varnara abiatuko da larunbat honetan Europako lau abesbatza onenak bilduko dituen lehiaketan parte hartzeko
Datorren irailaren 14an, SUHAR Koruak Kantu Koralaren Europako Sari Nagusian parte hartuko du Varnan (Bulgaria), Tolosako Abesbatza Lehiaketa ordezkatuz. Esteban Urzelairen zuzendaritzapean, SUHAR Korua kontinenteko abesbatza onenetako batzuekin batera lehiatuko da, euskal musika koralak nazioartean duen kalitatea eta indarra berretsiz.
Esteban Urzelai musika zuzendariak azpimarratu duenez, "lehiaketa berezia da, sari bakarra baitago: ez dago bigarren posturik, modalitate ezberdinik edo publikoaren saririk. Beraz, kale edo bale egiteko lehiaketa da, dena ematekoa. Horretan aritu gara azken hilabeteetan eta honek beste hainbat helburu betetzera eraman gaitu: taldearen soinu kalitatean eta musika mailan sakon lan egin dugu, daramagun errepertorioa azkeneraino findu dugu, taldea inoiz baino batuago eta indartsuago dago… Jakitun gara honelako “txapeldunen lehiaketa” batean egotea dagoeneko sari bat dela bere baitan, baina behin honaino iritsita, oholtza gainean daukagun guztia emango dugu Sari Nagusia lortzeko".
SUHAR Koruak, duela gutxi Txinan bira bat egin duenak, Varnan aurkeztuko du lan erromantiko, errenazentista, garaikide eta euskal folkloreko abestiak biltzen dituen programa. Hautaketa honekin, Tolosan lortutako arrakasta berresteaz gain, epaimahaia eta bertara joango diren nazioarteko ikusleak erakartzea bilatzen dute.
SUHAR Korua Tolosako Abesbatzen Lehiaketako azken irabazle gisa iritsiko da hitzordu honetara, non iazko azaroan sari posible guztiak irabazi zituen, Kutxa Sari Nagusia, publikoaren saria eta polifonia eta folklore kategorietako lehen sariak barne, besteak beste. Arrakasta horri esker, Kantu Koralaren Europako Sari Nagusian bere parte hartzea lortu zuen. Sari horretan, Grand Prix zirkuitua osatzen duten torneoetako irabazleak lehiatuko dira, irabazleen artean onena nor izango den erabakiko duen lehiaketa batean.
Comments